XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III. ONDORIO ETA AHOLKUAK.

Hona egindako laginketatik ateratzen diren ondorioak:

III.1 HIRUGARRENEI ESLEITU ZAIZKIENAK.

1. Mendietan eginiko lanen arteko ezberdintasunak egindako kontratazioak era ezberdinetan kalifikatu ahal izatea dakar (obren kontratua, laguntza teknikokoa ...), aztertu diren kontratuek zein motatakoak diren argi eta garbi adierazten ez dutelarik.

Multzoz batean edo bestean sailkatzeak badu garrantzirik, zeren eta, kontratazio-arauteriaren arabera, kasu bakoitzean ezar daitezkeen baldintzak eta eskakizunak aldatu egiten baitira.

2. Administrazio-espedienteak osorik daude, gehienbat, lege arloko eta ingurugiroko txostenak beti agertzen ez diren arren; herrilanei buruzko kontratazioetan, gainera, proiektu teknikoen berrikuspena eta zuinketa egin dela egiaztatzeko dokumentaziorik ez da ageri, normalean, lehen aipatu bezala, proiektu teknikoak Departamentuko funtzionariek eurek egiteak eta kontratuen kopuru urriak izapide horien gabeziaren ondorioak leuntzen dituzten arren.

Administrazio baldintza berezien zerrendak badira eta indarreko arauek eskatzen dituzten edukiak hartzen dituzte, orokorrean.

Bestalde, herrilantzat jo daitezkeen kontratazio espediente zenbaitetan ez da enpresari sailkapenik eskatzen, hori beharrezkoa delarik lanen kopurua hamar milioi pezeta baino gehiago bada.

Obra horien ezaugarriek, teknika aldetiko zailtasunik eza sarri askotan, eta baita aurrekontuen kopuru urriak ere, betebehar hori ez eskatzea aholka dezakete.

Halakoetan, baina, Nafarroako Gobernuari dagokio betebeharra betetzetik iare uztea, Kontratazio Batzordeak aurretik txostena eman ondoren.

Indarreko legeriaren arabera, kontratuak sailkapenik gabeko pertsona fisiko zein juridikoekin egiteak, kontratuen baliorik eza ekar dezake.

3. Zuzeneko kontratazio bidez esleitu dira kontratuak beti.

Kontratuei buruzko legeriak esleitze sistema hau erabiltzeko bide ematen du obrak premia handikoak direnean edo horien kopuruaren arabera, besteak beste.

Azken kasu honetan eta herrilanei dagokienean, kopuruak 50 milioi pezetatik gorako ez denean eta, laguntza teknikoari dagokionean, 10 milioi pezetak gainditzen ez baditu.

Herrilanei dagokienean, bidezko da zuzeneko esleipena, kontratu batek ere ez duelako 50 milioi pezetako kopurua gainditzen.

Orobat 10 milioi gainditzen ez dituzten laguntza teknikozkoak.

Gainontzekoetan, premiazko arrazoiak aipatzen dira edo arauterian aurrikusitako arrazoietara jotzen dute zehaztu gabe.

Zuzeneko kontratazioa burutzerakoan jarraitu den sistema merkeenari ematearena da, zenbait eskaintza eskatu ondoren.

Esan digutenaren arabera, 1993ko bigarren seihilabetekoan hasita egunkarietan jarritako iragarkien bidez eskatzen dira eskaintzak.

Sistema orokor honen salbuespen gisa, proiektu batzutan ikusi ahal izan da txostenak edo oroit-idazkiak berak aipatzen duela kontratua elkarte jakin batzuei esleitzeko komenientzia.

Gero eskatzen zaie aipatu elkarteei eskaintza egitea eta legez eskatutako konkurrentzia askerik gabe esleitzen zaie.

Elkarte irregularrak izaten dira, Departamentutik bultzatuak, lanak egiten diren tokiko lagunek osatuak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuan esan digutenaren arabera, lanak burutu diren aldeetan den lanik ezari zor zaio ihardunbide hori, eta atzeratutakotzat joak izanari, Nafarroako iparmendebaldean baitira gehienak.

Baina aipatu helburua kontratazio publikoa arautzen duen legeriaren esparruaren barruan lortu ahal izateko, hau da, konkurrentzia askeari kalterik egin gabe, baldintzen zerrendan ezar diteke lanik gabe dauden langileak hartu beharra.

Are gehiago, beharrezko izatera, berarizko arauak egin beharko lirateke lizitatzaile batzuk lehentasuna izan zezaten, eta arau horiek Europako Elkarteko zuzenbidearekin bat etortzea.

Aztertu den laginean, 146 milioi egiten duten esleipenetan gertatzen dira gorago aipatutakoak.